2011-06-13

KUBO KUTXA SALARA BISITA GURE KABUZ

Larunbat goizetan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikasleentzako tailerrak antolatzen dituzte bertan. Haur Hezkuntzako tailerrean parte hartzeko aukera izan genuen eta bertan elkartu ziren sei haur eta beraien gurasoekin batera egin genuen bisita.
Sarrera gisa, itsasontziak eta itsasoarekin erlazionatutako irudiak ikusiko genituela adierazi zigun bertako gidariak. Itsasoaren urdinetik hasi ginen eta honen sakontasunean barneratu ginen.
Bidaian zehar, gidariak haurrei galderak egiten zizkien artelan bat edo biren aurrean eserita. Hasteko, bi kuadro desberdinen aurrean eseri ginen eta honako galderak egin zitzaizkien:
-Irudiak gustatzen zaizkizue? Zein gustatu zaizue gehiago mutila edo neska? Antzekotasuna dute?zergatik gustatu zaizue gehiago andrea? Bi irudi hauek ze harreman izan dezakete itsasoarekin? Uste duzue arrantzaleak direla? Itsasontziz bidaiatzen duten pertsonak izan daitezke?
Haurren erantzunak baiezkoak izaten ziren eta bestela, haur batek esandakoa hurrengoak errepikatzen zuen. Gauza bera gertatu zen hurrengo koadroarekin. Beste leku batera mugitu ginen eta bertako koadroan, itsasaldeko paisai bat agertzen zen. Gidariaren helburua, hasierako bi pertsonaien historia pasai honetan kokatzea zen eta horregatik aukeratu zuen koadro hau. Jarraian honako galdera hauek egin zizkien:
-Zer gustatzen zaizue irudi honetatik? Haurrek animaliak, hondartza eta zuhaitzak aipatu zituzten. Zergatik egiten zaizue ezaguna? Gidariak, gure paisaiaren antzekoa zela adierazi zuen mendi berdeak, itsasoa, irla, hondartza txiki bat…agertzen zirelako. Haurren erantzunek, beraien egunerokotasunarekin erlazioa zuten.
Azkenik, salako beste gune batera eraman gintuen gidariak, hain zuzen, tailerrera. Bertan, bildumaren ideia haurrei azaltzen saiatu zen eta horretarako, mahai gainean material ezberdinak jarri zituen: paperak, kolak, guraizeak, margoak, kartoizko kaxak…Haur bakoitzak kartoizko kaxa bat hartu behar zuen eta barruan zegoena ikusi.
Kaxa horietan, koilareak, kontxak, txanponak, kandela, plastiko zatiak…topatu zitzaketen umeek. Gidaria, objektu hauekin, aurretik ikusitako koadroekin lotura bat egiten saiatu zen. Azkenik, haurren arteko elkartrukea egiten ahalegindu zen eta horrela, haur bakoitzak bere plastikozko zorroan, bilduma propioa egin zuen berak egindako marrazki batzuekin osatuz.

Irteera honi buruzko iritzia:

Jakin bagenekien haur txikiei museoetan ikusi daitekeena gerturatzea ez dela erraza eta oraingoan hori horrela dela ziurtatu dugu. Ez zitzaigun batere erraza iruditu gidariaren lana eta esan beharra dago, gure ustez oso ondo burutzen zuela bere lana eta are gehiago talde hauetan gurasoek ere parte hartzen dutela jakinda.
Haur oso txikiak ziren eta hori ikusi ahal izan genuen, koadroen arteko lotura egiterako garaian: haurrek aurreko koadroa ahaztua zuten eta gidariaren galderei bai edo ez bakarrik erantzuten zuten. Taldean bazegoen Lehen Hezkuntzako haurrak eta horrek gidariari jokoa eman zion erakusketarekin aurrera jarraitu ahal izateko.
Egia da, horrelako jarduerek lagundu egiten dutela haurrak artearekin kontaktua izaten eta mundu artistikora hurbiltzen ditu. Ideia aldetik oso polita eta positiboa da eta guk gure garaian horrelakorik bizi izan ez genuenez, horrelako proposamenek harritu egiten gaituzte. Hala ere, gure zalantzak ditugu. Ez ote da abstraktuegia bildumaren kontzeptua? Zein kontzeptu dira egokienak haur txikiekin lantzeko?nola jakin dezakegu? .

No hay comentarios:

Publicar un comentario