2011-06-26

GURE ARTELANA ARGAZKITAN

Jaume Plensa artistatik abiatuz, honako artelana sortu dugu eta argazki hauetan prozesuaren emaitza ikusi daiteke.


2011-06-21

GURE ARTELANA EGITEN

Bideoa zintzilikatzeko zailtasunak izan ditugu eta ondorioz, yotubera igo behar izan dugu. Beraz honako linkan sartu behar da bideoa ikusi ahal izateko:

http://www.youtube.com/watch?v=mkIw0iFgLCY

Bideo horretan, gure artelanaren prozesua nola izan den ikusi daiteke modu laburrean. Jaume Plensa artista aztertu ondoren guk sortu dugun artelana da.

2011-06-20

AZKEN BALORAZIOA

Ikasgaiaren amaiera honetara behin iritsi garenean, gure azken balorazioa egiteko garaia heldu da. Ikasgai honetako klasetara joateko aukera ez izateak lana zaildu egin digu. Irakasleak idatzizko hainbat lan egiteko eskaera egin zigun eta horretan saiatu garen arren, epe barnean burutzea kosta egin zaigu. Berez, lanak ez dira oso konplexuak izan baina denbora baina denbora eskaini behar zaie. Aldiz, amaiera honetan artelan bat sortzeak ez digu guk uste bezain beste denbora hartu.
Burutu ditugun lan gehienetan, ideia ugari errepikakorrak direla konturatu gara. Mundu mailan eskaintzen diren arte-programa gehienetan haurren arteko elkarrizketa sustatu nahi da, iritzi kritikoa bultzatu, … Hau guztia errealitate bihurtu ahal izateko irakaslearen formakuntza egokia beharrezkoa da eta egun, gure eskoletan horrelakorik ez da praktikan ikusten.
Behin lantxoak bukatuta artelanarekin jarri gara buru belarri. Jaume Plensa ezagutzea modu positiboan baloratzen dugu. Artista berri batengana gerturatu gara, bere artelanen artean arakatu dugu eta guzti honetan gustura aritu gara. Ondoren praktikara eraman behar genuen gure sormena eta gure umiltasunetik ahalik eta hobekien egiten saiatu gara.
Ez genuke aipatu gabe utzi nahi ondorengo sentimendu hau, blogak sortutako ezintasuna. Gure lantxoak burutuak genituenean, gure blogean zintzilikatzerako garaian, zailtasunak maiz izan ditugu, zintzilikatutakoa ez zen ikusten, edo gaizki ikusten zen, bestetan interneta ez zebilen, batzuetan ez ginen gogoratzen nola sartu,… Honek guztiak gure lan prozesua izugarri mantsotu du. Honekin teknika berri bat ikasi dugun arren, asko kosta zaigula ezin dugu ukatu.
Hausnarketa hau amaitzeko ikasgai honetan laburbilduz ikasi ditugun hiru gauzak honako hauek dira:
- Artelan bat sortzerako garaian, lotsak beldurrarekin batera sortzen duen emozioa gainditzen ikasi dugu.
- Ikusmen kulturala haurrekin lantzeak duen garrantziaz jabetu gara.
- Haurrei ez zaie jarrera pasiboan erortzen utzi behar. Artea baliagarria da haurren iritzi kritikoa sustatzeko eta gizarteko partaide aktibo izaten bultzatzeko.

JAUME PLENSA ARTELANA

Hasteko, lan hau egitea zaila izan zaigula onartu behar dugu. Inoiz ez gara horrelako egoera baten aurrean topatu eta galduta sentitu gara. Gure sormena erabat lokartua zegoela pentsatzera iritsi gara baina buruari hainbat buelta eman ondoren zerbait originala egiteko gai garela konturatu gara. Gainera, gure artelana sortzeko artista batetik abiatzea oraindik eta zailagoa izango zela pentsatzen genuen eta honako galderak izan ditugu etengabe gure buruetan: ze material erabili genezake? Nondik hasiko gara? Gai izango al gara? Zer egingo dugu? Irakasleak ez al du barre egingo gure artelana ikustean?
Jaume Plensaren biografia eta bideo bat aztertu ondoren, berak burututako hainbat lan ikusi eta taldean bildu ginen. Hasieratik ados egon gara Jaume Plensa zertan oinarritzen den adierazterakoan: Gardentasuna, kolore txuria, gorputz irudiak eta bereziki gerritik gorakoak, bolumena, hizkiak, naturarekin kontaktua eta abar.
Artista hau ezezaguna zitzaigun eta gustura aritu gara bere lanak aztertzen, behatzen eta abar. Bere lanak oso interesgarriak iruditu zaizkigu. Ikustearekin bakarrik segituan atzematen da zer irudikatu nahi izan duen Jaume Plensak. Ikusten denaz gain esanahi sakonago bat helarazi nahi duela badakigu, baina orokorrean bere artelanak oso garbiak direla pentsatzen dugu baita ere poetikoak. Esanahi desberdinak burura ekartzen dizkizun artelanak egiten ditu.
Hasiera batean ideia desberdinak bururatu zitzaizkigun, baina beti oztopo berarekin aurkitzen ginen. Artelanaren neurriak, gure lana mugatu digu. Ideia ezberdinak genituen buruan baina hauek 12cmtara murriztean ez ginen ateratako emaitzarekin gustura sentitzen. Berriz ere zalantzez josiak geunden. Horregatik hasieran argazki bat aurkeztea pentsatu genuen, horrela gure artelanari nahi genion dimentsioa eman genezakeen eta argazkiarekin eskatutako neurria egokitu. Baina honek soilik ez gintuen asebetetzen. Azkenean buruari bueltaka, metalarekin zerbait egitea erabaki genuen. Jaume Plensaren artelanek gizakia hartzen dute oinarritzat. Ondorioz alanbre magikoa erabili dugu zurezko txapa batean eserita dagoen gizaki bat irudikatzeko. Hau guztia burutu ahal izateko honako material hau erabili dugu: zurezko txapa, alanbre magikoa, kola, egurra, kortxoa, pintura txuria, pintzelak, alikateak, guraizeak.
Artelan honek esanahi desberdinak izan ditzake pertsona bakoitzarentzat. Batzuk gizakiaren bakardadea ikusiko dute, beste batzuk kolore txuriak gizakiari transmititzen dion lasaitasuna eta gardentasuna, gizarteak gizakiari jartzen dizkion mugen irudikapena izan daiteke (artelan honetako gizakia kubo baten barnean agertzen delako)… Artelan hau ikustean bakoitzari sentiaraziko diona desberdina izango da, baina gure iritziz hori da arteak eskaintzan duen gauzarik politenetako bat.

2011-06-16

VST WEBGUNEAREN AZTERKETA ETA GURE IKUSPEGIA

Irakasteko metodologia da eta bertan, artearen bidez pentsamenduaren, komunikazioaren eta ikusmenaren alfabetizazioa bultzatu nahi da. Hau lortu ahal izateko, ikasleari honako hau eskatzen zaio:
- Artelanak zentzuz begiratzea
- Ikusten dutenari buruz hitz egitea
- Besteek esaten dutena entzutea
- Besteen iritzia kontuan hartzea
- Interpretazio desberdinak eztabaidatzea

Hau guztia egin ahal izateko, webgune honetan irakasleen formakuntzari garrantzia ematen zaio eta gainera adibide batzuk adierazteaz gain, formakuntzarako aukera eskaintzen dute tailer desberdinen bidez.
Behin eta berriz errepikatzen dena, ikasleek artearen inguruan behatzea, pentsatzea, entzutea eta komunikatzea da. Hau guztia lortu ahal izateko, irakasleak hainbat teknika erabili ditzake gela barnean eta horietatik bat haurren arteko eztabaida bultzatzea izango litzateke. Hau egin ahal izateko, irakasleak artelana erakutsi ondoren hiru galdera hauek egiten ditu:
1-Irudi honetan zer gertatzen ari da?
2- Hori esateko zer ikusten duzu?
3- Irudi honetan zer gehiago aurkitu dezakegu?

Ikasle bakoitzari bere ikuspegia adierazteko tartea eskainiko zaio eta aldi berean, ikaskideek esandakoa entzun eta errespetatzen ikasiko dute. Ez da inolako baloraziorik egingo, iritzi guztiak dira onargarriak.

Guk gertuen dugun metodologia beste iritzietan aipatu dugun bezala, Urtxintxa proiektuan oinarritutakoa da. Bertan, artelana erakutsi eta honen inguruko eztabaida bultzatzea proposatzen da eta horretarako irakasleari lagungarriak zaizkion galdera batzuk proposatzen ditu. Proiektu honetan ere, artelanen inguruko eztabaida sustatu nahi da. Beraz, antzekotasun bat badutela esan daiteke. Ezberdintasuna, haurrei egiten zaizkien galderetan dago. Inguruko irakasleek, eztabaidak asko bideratzen dituztela iruditzen zaigu eta proiektu honek berriz, ikuspegi zabalago bat sustatu nahi du.
Puntu honetara iritsitakoan, konturatu gara irakurritako artikulu guztiek edo gehiengoak behintzat, oinarri bera dutela. Haurrei ikuspegi kritiko bat izaten lagundu behar diegu eta horretarako, behatzen, pentsatzen, entzuten eta komunikatzen jakiteko estrategiak irakatsi beharko dizkiegu.

MARRAZKIAK ETA HAUEN AZTERKETA

Marrazketaren inguruan ebaluaketa sakon bat egin ahal izateko, denbora zehatz batean haur batek egindako marrazki ezberdinak hartu behar ditugu. Marrazki bakar bat inoiz ez da nahikoa eta hori garbi utzi behar den ideia bat da. Antzeko marrazki bat egiteko joera ikusten badugu, orduan ebaluaketa sakonago bat egiten hasi beharko genuke. Haur horren beharrak eta ahuleziak ezagutu ahal izateko, haur horrek egindako marrazki gehiagotan oinarritu behar gara.

Hau guztia ahaztu gabe, guk ondorengo marrazki hauek aukeratu ditugu eta denak haur desberdinek egindakoak dira. Adin desberdintasuna argia da marrazki batetik bestera eta bakoitzak marrazketarako duen gaitasuna desberdina dela ez dugu ahaztu behar.

Aukeratu dugun lehenengo marrazkia, bi urteko neska batek egindakoa da. Bertan karabaketa nabarmentzen da eta lau kolore erabili ditu: marroia, morea, berdea eta laranja. Bi urteko haurrekin guk batez ere oinarrizko koloreak lantzen ditugu (gorria, urdina, horia eta berdea) eta haur honek bestelako koloreak erabili ditu. Karabaketa orriaren erdian egiten du eta ez du orri osoa betetzen. Karabaketa kontrolatua dela esan dezakegu, hala ere, 18 hilabete eta bi urte bitarteko etapan beraien koordinazio motorea oraindik baldarra izaten da orokorrean.

Helduok bi urteko haurrek egindako marrazkiei ez diogu esanahirik topatzen eta garrantzirik gabeko marrazkiak izaten direla iruditzen zaigu. Haurrak ordea, bere ingurunearekin lotzen du marrazkia. Berarentzat esanahi bat du, guri transmititu nahi diguna baina sarritan ulertzen ez duguna. Komenigarria da, marrazkia bukatutakoan modu askean kontatzen diguna entzutea guk zuzenean galdetu gabe. Guretzat nahiz eta marrazki berdintsuak izan, haur bakoitzak bere pentsamenduak bertan islatuko ditu.


Urte bakar batean haurren marrazkiek jasaten duten garapena handia izaten da. Oraingo honetan, hiru urteko mutil batek egindakoa aztertzen saiatuko gara. Lowenfeld-en arabera, marrazki hau aurreskemetakiko garaian kokatuko genuke ondorengo arrazoiengatik: marrazkia objektuetara gerturatzen da, ezagutzen duena eta inguruan duena marrazten du;adibidez, etxe bat, argitxo, mendiak, eguzkia eta abar. Garai honetan, eskuaren koordinazioa garatuagoa da eta haurraren intentzionalitatea ikusten da. Teoriaren arabera, garai honetan kolorea bigarren maila batean geratzen da, baina, haur honen marrazkian objektu bakoitzak errealitatean duen kolorea du; adibidez, mendi berdeak, argitxoren txano gorria, eguzki horia, teilatu gorria, argitxoren jantzi berdea, leiho urdinak eta abar. Esan beharra dago, proportzioak ez dituela mantentzen. Izan ere, argitxo eta etxea tamaina berekoak egin ditu eta baita ere, kriseilua eta erdiko mendia.



Haur Hezkuntzako azken urtean, haur gehienak garai eskematikoan egon daitezkeela esan genezake. Marrazki hau, 6 urteko neska batek egindakoa da eta aurreko etapan baino detaile gehiago ikusi daitezke; adibidez, neskaren mototxa dotorea, leihoetako kortinak, gazteluaren puntako bandera, eguzki borobil-borobila eta abar. Forma geometrikoak ere agertzen dira eta deigarria izan daiteke gazteluaren goialdea. Beste objektu bati ere belarra egiten dio, hau da, lur gainean kokatzen du. Desproportzio txikiagoak ematen direla ikusi daiteke. Izan ere, Gaztelua neskarekin konparatuz askoz ere handiagoa da. Marrazkiari perspektiba bat eman nahi izan diola iruditzen zaigu, mendia orriaren goialdean egin du eta agian honekin urruti dagoela adierazi nahi izan du. Bukatzeko, adierazgarria egin zaigu haur honek lehenengo marrazkia marraztu eta ondoren kolore desberdinez margotzeko izan duen intentzionalidadea. Orain arte, hori ez zen desberdintzen.



2011-06-13

ARTE ARTIKULUAK

“Didáctica del arte y patrimonio” proiektuaren helburu nagusia haurrak artera gerturatzea da. Esan daiteke, honako ideia nagusi hauek azpimarratzen dituztela: behatu, hausnartu, entzun, elkarrizketa sustatu eta norberaren ezagutzak eraiki. Gainera, irakaslearen papera ez da konbentzionala. Irakasleak galdera irekiak egiten ditu eztabaida ireki bat sustatuz eta bertan ateratzen diren ideiak ez ditu epaitzen, hau da, ez dago erantzun zuzen edo okerrik.
Programa hau interesgarria eta orain arte ezagutzen dugunetik desberdina dela iruditzen zaigu. Artea haurrei gerturatzeko oso modu polita da, ez zaie bakarrik artea eta honen historia erakusten baizik eta, bizitzan erabilgarri diren hainbat jarrera eta balore bultzatzen dira; hala nola, albokoaren iritzia errespetatu behar dela tolerantzia sustatuz.
Lehen Hezkuntzako ikasleentzako egindako programa da eta adin horretako haurrek ziurrenik joku asko emango dute eta programa honekin gauza asko ikasiko dituzte, baina, ez dugu ahaztu behar Haur Hezkuntzako irakasleak izango garela eta guk gure haur txikiekin arte hezkuntza nola landu dezakegun jakin nahiko genuke.
“Didáctica del arte y patrimonio” haurren arteko elkarrizketan oinarrituta dagoela esan dugu eta horretarako, ahozko komunikaziorako gaitasuna izatea ezinbestekoa da. Adibidez, guk bi urteko haurrekin lan egiten dugula esan dugu behin baino gehiagotan eta haur hauei, egindako galdera irekiei erantzutea gehiengoei kosta egiten zaie. Gehienetan bai edo ez erantzuten dute eta norbaitek galdera zabalago bati erantzuten badio, beste haurrek errepikatu egiten dute haur horrek esandakoa.
Irakasleok formakuntza bereziago bat jaso beharko genuke modu honetako programa bat garatu nahiko bagenu eta horrek gaur egun dugun hezkuntza proiektua erabat aldatzea ekarriko luke. Hezkuntza saila artearen alde egiteko prest al legoke? Diru laguntzak emango lituzke?

PROPOSAMEN DIDAKTIKO EZBERDINAK


Guk moodlen zintzilikatuta dauden webgune ezberdinak bisitatu ditugu. Egia esan, erabat ezezagunak ziren guretzat eta ondorioz, zerbait berria ikasi dugu. Gaur egun, teknologia berriei esker, eskura ditugu mota honetako baliabideak eta ez dugu horiek erabiltzeko ohiturarik. Ohikoena, orain arte egindakoarekin jarraitzea da eta webgune hauetan artearekin erlazionatutako informazio ugari eskaintzen da, adibidez, www.pincelyraton.com webgunean agertzen diren hainbat proposamen didaktikoek izugarri harritu gaituzte. Oso artelan politak ikusi ahal izan ditugu eta jarduera berritzaileak. Izan ere, teknologia berriak erabiltzen dituzte eta emaitza ikusgarria da benetan! Orain arte, teknologia berrien erabilpena ohikoa zen beste arlo batzuetan baina zalantza genuen plastika arloan nola aplikatu ote zitekeen, baina, posible dela ohartu gara.
Webgune honetan, tailer eta ikastaro desberdinak antolatzen dituztela ikusi dugu baina bertan, egiten den lana eskoletan egin daiteke eta irakasleok webgune hauek ezagutzea oso baliagarria eta interesgarria izango litzateke.

CURRICULUMA EZAGUTU


Hezkuntzako orrialdean Oinarrizko Hezkuntzaren Curriculuma gainbegiratu dugu. Bertan plastika ikasgaiari erreferentzia egiten zaio gainontzeko ikasgaiei bezala.

Haur Hezkuntzako hezkuntza-edukiak honako esperientzia eremu hauen arabera antolatuko dira:

a) Norberaren ezagutza eta autonomia pertsonala.
b) Ingurunearen ezagutza.
c) Hizkuntzak: komunikazioa eta adierazpena.

Eremu bakoitzean proposatzen diren edukiak haurrentzat interesa eta esanahia duten jarduera globalizatuen bidez landuko dira.
Hori dela eta, hezkuntza eremuan lan egiten dugunok curriculumean adierazten dena errespetatu behar dugu. Guk hezkuntza arloan lan egiten dugunez, txosten hau jadanik ezaguna genuen eta gure eguneroko lanak bertako helburuetan oinarritu behar du.

ARTELEKURA BISITA


1 - Orain arte Haur Hezkuntzan marrazketa, plastilina, buztina bezalako jarduerekin lotu izan dugu plastikaren gaia, eta gainera psikomotrizitate fina lantzeko jardueretan pentsatzen dugu, baina garatzen al dugu haurraren sormena?
Ez al gara askotan jarduera zuzenduetan gehiegi oinarritzen? Artelekura egin dugun bisita honetan, haurrekin beste gai batzuk ere landu ditzakegula ikusi dugu. Bertan topatutako liburu gehienak helduei zuzenduak izan arren, hauek oinarritzat hartuta irakasle bakoitzak bere haur taldearekin jarduera desberdinak antolatzeko baliagarriak izan daitezke.

2 - Lehendik ezaguna genuen Joan Miró aukeratu dugu. Bere artelanen liburuak berrikusi ondoren, liburu hauek desberdinak direla ohartu gara oker ez bagaude, ohiko liburutegi batean artista desberdinen biografia topatuko genuke eta agian artelan baten irudia. Hemen aldiz, artista honen lanek hartzen dute garrantzia eta irudietan agertzen dira bere obrak. Guk uste genuen obra bakoitzaren ondoan azalpena egongo zela baina ez da horrela. Berak sortutako obren izenburu eta erreferentzia agertzen dira liburu honetan.


3 – Joan Miróren, L´ALENTIDA (1969) obraren irudia haurrei erakutsi eta elkarrizketa bultzatuko dugu. Hau bakoitzak era desberdinean ikusiko du eta besteen iritzia eta ikuspuntua errespetatzen ikasi beharko du.
Haur guztiek beren iritzia emango dute eta Miróren irudia aurrean dutela irakasleak eskainitako materiala erabiliz, dituzten ideiak paperean islatzen saiatuko dira. Jarduera honen bidez, besteen iritzia errespetatzea, landutako autorea ezagutzea, artearekiko interesa, piztea, … landuko dugu.

- Bisitaren iritzia: Arteari eskainitako horrelako espaziorik ez genuen ezagutzen. Ez genuen imajinatzen hain gertu horrelako leku bat izan genezakeenik. Kultura eta artearekin lotutako hainbat ekitaldiren berri izan dezakegu sarrerako informazio gunean, eta horrez gain ezohiko liburutegi batekin topatu gara. Bertan artearen esanahia zein zabala den konturatu gara.

























KUBO KUTXA SALARA BISITA GURE KABUZ

Larunbat goizetan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikasleentzako tailerrak antolatzen dituzte bertan. Haur Hezkuntzako tailerrean parte hartzeko aukera izan genuen eta bertan elkartu ziren sei haur eta beraien gurasoekin batera egin genuen bisita.
Sarrera gisa, itsasontziak eta itsasoarekin erlazionatutako irudiak ikusiko genituela adierazi zigun bertako gidariak. Itsasoaren urdinetik hasi ginen eta honen sakontasunean barneratu ginen.
Bidaian zehar, gidariak haurrei galderak egiten zizkien artelan bat edo biren aurrean eserita. Hasteko, bi kuadro desberdinen aurrean eseri ginen eta honako galderak egin zitzaizkien:
-Irudiak gustatzen zaizkizue? Zein gustatu zaizue gehiago mutila edo neska? Antzekotasuna dute?zergatik gustatu zaizue gehiago andrea? Bi irudi hauek ze harreman izan dezakete itsasoarekin? Uste duzue arrantzaleak direla? Itsasontziz bidaiatzen duten pertsonak izan daitezke?
Haurren erantzunak baiezkoak izaten ziren eta bestela, haur batek esandakoa hurrengoak errepikatzen zuen. Gauza bera gertatu zen hurrengo koadroarekin. Beste leku batera mugitu ginen eta bertako koadroan, itsasaldeko paisai bat agertzen zen. Gidariaren helburua, hasierako bi pertsonaien historia pasai honetan kokatzea zen eta horregatik aukeratu zuen koadro hau. Jarraian honako galdera hauek egin zizkien:
-Zer gustatzen zaizue irudi honetatik? Haurrek animaliak, hondartza eta zuhaitzak aipatu zituzten. Zergatik egiten zaizue ezaguna? Gidariak, gure paisaiaren antzekoa zela adierazi zuen mendi berdeak, itsasoa, irla, hondartza txiki bat…agertzen zirelako. Haurren erantzunek, beraien egunerokotasunarekin erlazioa zuten.
Azkenik, salako beste gune batera eraman gintuen gidariak, hain zuzen, tailerrera. Bertan, bildumaren ideia haurrei azaltzen saiatu zen eta horretarako, mahai gainean material ezberdinak jarri zituen: paperak, kolak, guraizeak, margoak, kartoizko kaxak…Haur bakoitzak kartoizko kaxa bat hartu behar zuen eta barruan zegoena ikusi.
Kaxa horietan, koilareak, kontxak, txanponak, kandela, plastiko zatiak…topatu zitzaketen umeek. Gidaria, objektu hauekin, aurretik ikusitako koadroekin lotura bat egiten saiatu zen. Azkenik, haurren arteko elkartrukea egiten ahalegindu zen eta horrela, haur bakoitzak bere plastikozko zorroan, bilduma propioa egin zuen berak egindako marrazki batzuekin osatuz.

Irteera honi buruzko iritzia:

Jakin bagenekien haur txikiei museoetan ikusi daitekeena gerturatzea ez dela erraza eta oraingoan hori horrela dela ziurtatu dugu. Ez zitzaigun batere erraza iruditu gidariaren lana eta esan beharra dago, gure ustez oso ondo burutzen zuela bere lana eta are gehiago talde hauetan gurasoek ere parte hartzen dutela jakinda.
Haur oso txikiak ziren eta hori ikusi ahal izan genuen, koadroen arteko lotura egiterako garaian: haurrek aurreko koadroa ahaztua zuten eta gidariaren galderei bai edo ez bakarrik erantzuten zuten. Taldean bazegoen Lehen Hezkuntzako haurrak eta horrek gidariari jokoa eman zion erakusketarekin aurrera jarraitu ahal izateko.
Egia da, horrelako jarduerek lagundu egiten dutela haurrak artearekin kontaktua izaten eta mundu artistikora hurbiltzen ditu. Ideia aldetik oso polita eta positiboa da eta guk gure garaian horrelakorik bizi izan ez genuenez, horrelako proposamenek harritu egiten gaituzte. Hala ere, gure zalantzak ditugu. Ez ote da abstraktuegia bildumaren kontzeptua? Zein kontzeptu dira egokienak haur txikiekin lantzeko?nola jakin dezakegu? .

MATERIAL DIDAKTIKOAREN AZTERKETA

Andoaingo Aita Larramendi ikastolako irakasleen lana URTXINTXA proiektuan oinarritzen da. Beraiekin hitz egin ondoren eta beraien gidaliburuak eta fitxak aztertu eta gero honako ariketa hau aukeratu dugu material didaktikoaren azterketa egiteko.
Urtxintxa proiektuan, plastika lantzeko jarduera desberdinak proposatzen dira. Batzuetan artelan bat erakutsi eta hauen inguruko elkarrizketa sustatzen du. Besteetan, aldiz, ideia baten inguruan artelan bat egitea proposatzen da. Horma-irudiak eta koadroekin ariketa desberdinak burutzen dira…
Guk aukeratu dugun jarduera, hiru urteko haurren materialeko, Zuloagaren Don Guindoren udareak artelana da. Bertan, haurrei zein modutara erakusten zaien irakur dezakegu. Unitate didaktiko honeko gaia, “eguneroko janariak” da. Artelan honetan, bodegoi bat agertzen da non udarez beteriko plater bat dagoen. Beraz, artelan honek gaiarekin lotura duela esan daiteke. Gidaliburuak, ikasleei hainbat galdera egiteko proposamena egiten die: zein fruta marraztu du Zuloagak hemen? Ba al dakizue nola izena duen artelanak? Platerean zenbat udare daude?...Ondoren, ikasleek emandako bodegoi eredua margotu behar dute edo puntzoiez zulatu.
Erantzun bakarreko galderak egiten dituenez, jarduera erabat gidatua dela iruditzen zaigu. Haurren sormena ez da lantzen eta ez du jarrera kritikorik bultzatzen. Bakarrik begi bistan ikusten dituen gauzak kontatzera animatzen ditu.
Jarduera gehienetan, irakaslearen gidaliburuan agertzen diren gomendioak kontuan hartzen ditu irakasleak eta bertan jartzen duenari jarraikiz egunerokotasunean lan egiten du. Jarduerak erabat gidatuak dira eta sormena eta esperimentazioari ez zaio tokirik uzten.
Orain artekoa gure iritzia da baina guk bi urteko haurrekin lan egiten dugunez eta adin honetakoekin ez denez urtxintxa erabiltzen, hiru urteko irakasleei iritzia eskatu diegu.
Beraiekin elkarrizketa bat izan ondoren, laburbilduz hau esan genezake: guk orain arte aipatutakoaren bat datozela. Artea lantzeko modu gehiago daude eta gure ustez ikuspegia zabaldu egin beharko genuke eta ez soilik artelanak aztertu (galderen bitartez) eta marrazkiak egitera mugatu.

Zer da ikus-kultura?

Ikus kultura, bisuala den eta guregan eragina duen guztia dela esan dezakegu. Izan ere, gaur egun, irudi asko ikusten ditugu eta zer esanik ez haur txikiek. Egunerokotasunean zuzenean nahiz zeharka, telebistan, interneten, aldizkarietan, komikietan, kaleko iragarkietan, karteletan..irudi asko transmititzen dizkigute baina gure galdera da: konturatzen al gara zer ikusten dugun? Jasotzen ditugun irudi hauek eragina dute guregan eta horregatik, jarrera kritiko bat garatzea ezinbestekoa da. Ikusle pasiboak izan beharrean, ikus kultura landu beharko genuke elkarrizketa eta eztabaida sustatuz. Haurrekin egongo garenez, kontuan izan behar dugu haurrei marrazki bizidunak izugarri gustatzen zaizkiela eta irudi horien atzean balore, familia-eredu, klase sozial ezberdinak, kultura…gordetzen direla eta haur txikienen kasuan honako hau pentsatzen dugu: beraiek ez dira gai ikusten dutenaren aurrean aukeraketa bat egiteko; beraiei marrazki bizidunetan erabiltzen diren kolore, musika, pertsonaiak eta abar erakartzen die eta ez dira jabetzen ze mezu jasotzen ari diren. Beraz, helduok beraiekin hitz eginez eta elkarrizketa bat izanez jarrera kritiko hori beraiengan sustatzen ahalegindu beharko genuke. Haurrei pentsatzen erakutsi behar zaie eta beraiek lehenagotik daukaten informazioarekin kontrastatu beharko dute.