2011-05-16

PLASTIKAREN INGURUAN AUTOBIOGRAFIA

OLAIAREN AUTOBIOGRAFIA


Urruti gelditu dira plastika ikasgaiaren inguruan ditudan oroitzapenak, baina, iraganera salto txiki bat egingo dut eta plastikarekin izan dudan harremana deskribatzen ahaleginduko naiz.

Egia esan, plastika hitza entzuten edo irakurtzen dudanean sentsazio ona edo positiboa datorkit burura eta sentsazio hori gertuagotik sentitu dut txikitan egindako eskulan gutxi batzuk berreskuratu ditudanean. Nire aurpegiak irrifartxo bat marraztu du garai batean egindako lantxoak ikusi ditudanean eta gai honen inguruan pentsatzen jarri naiz.

Plastika betidanik izan dut gogoko eta askotan pentsatu izan dut zergatik eskaintzen zaion hain denbora gutxi ikasgai honi. Ez dut oso ondo gogoratzen astean zenbat ordu izaten ziren baina uste dut bi ordu bakarrik izaten zirela eta niretzat denbora gutxiegi zen.

Irrikitan egoten nintzen plastika gelara joateko eta han beste mundu batean sartzen nintzela gogoratzen dut. Lasai sentitzen nintzen, pozik, lan egiteko gogoarekin etab. Asko gustatzen zitzaidan material berria ezagutzea, gauzak sortzea eta nola ez, etxera eramandakoan gurasoei erakustea.

Haur Hezkuntzan egindako lantxoez ez naiz asko gogoratzen baina marrazketan denbora asko ematen genuela badakit: tenperarekin, plastikozko margoekin, argizariekin etab. Kola eta guraizeak ere asko erabiltzen genituen; adibidez, aldizkari eta egunkariekin collage ezberdinak eginez, txotxak paper gainean kolatuz etab. Plastilina ere askotan erabiltzen genuen eta nola ez, gometxak eta puntzoiak.

Lehen Hezkuntzan material gehiago erabiltzen hasi ginen eta eskulanak ere desberdinak ziren. Honako lantxo hauek egin genituela gogoratzen naiz: egurrezko lanpara, gatza tizakin margotu eta kristalezko ontzi batean irudi ezberdinak egin, egunkaria globo batean kolatuz buruhandia, alfonbra txiki bat, buztinakin hainbat figura etab. Etapa honetan, marrazketak ere garrantzi asko zuen eta marrazketarako teknika desberdinak ezagutu genituela ere gogoratzen dut.

D.B.H-n karpeta handi bat egin genuen gure lanak hor gordetzeko eta marrazketa teknikoa landu genuen. Horretaz gain, etapa honetako irakasleak buztinari garrantzi handia ematen zion eta gauza asko egiten genituen buztinarekin teknika ezberdinak erabiliz. Irakasle honek ez zigun esaten buztinarekin zer egin behar genuen eta guk erabakitzen genuen zer egin. Gainera, labe handi batean sartzen genituen buztinarekin egindako lanak eta oraindik etxean gordeta ditut garai hartan egindako gauzak.

Orokorrean lanak nahiko bideratuak izaten ziren eta denok gauza berdinak egiten genituen. Hala ere, plastikan ez genuen inoiz azterketa idatzirik egin eta hori abantaila handi bat izan dela pentsatzen dut. Izan ere, beste ikastetxera joaten ziren lagun batzuk azterketa izaten zuten eta plastika ikasgaia ez zitzaien asko gustatzen.




BAKARNEREN AUTOBIOGRAFIA


Urteak joan dira baina oraindik gogoan dut. OHOn genbiltzan eta astean eskulanetarako 2 saio izaten genituen. Soinketako saioen antzera, plastika ikasgaia iristeko amorratzen izaten ginen denok. Haserako ikasturteetan, gogoan dut josten nola ikasi genuen. Orratza eta haria izan ziren gure lantxoetan materialik erabilienak eta modu honetara, txotxongiloak, estutxeak, mukizapiak,etab. apaintzen ikasi genuen. Saio hauetan, irakaslearen rola zera izaten zen: saioa zuzentzea eta erabat gidatutako jarduerak proposatzea. Amaieran, eskulan guztiak antzekoak izaten ziren eta hala ez bazen, irakaslearen laguntza izaten genuen emaitza borobiltzeko. Inprobisazioak eta sormenak ez zuen lekurik saio horietan.

Amaierako ikasturteetan, beste irakasle bat izan genuen eta honekin batera, gure plastikako saioak ere aldatu egin ziren. Material desberdinak erabiltzeko aukera (kristala, buztina, oihalak, tenpera, etab.) eta eskulan libreak eta besteekiko desberdinak burutzea proposatzen zuen irakasle honek. Guretzat ikasgai hori momentu eroso bat bihur zedin saiatzen zen eta musika entzunaz aritzen ginen lanean. Plastikako gelara joaten ginen ( ez besteetan bezala gela bertan ) eta espazio aldaketa horrek ere motibatzen gintuen.

Nik plastika ikasgaietan ezagutu dudanaren arabera, irakaslearen papera zein garrantzitsua den azpimarratuko nuke. Irakaslearen lan egiteko moduak, edozein ikasgaietan du eragina baina pertsonalki, plastikan ezinbestekoa iruditzen zait. Plastikaren inguruan dituen ezagutzak, sormenari ateak irekitzen jakitea, taldea motibatzeko gai izatea,etab. Haur batzuk berez sormena dutenak izaten dira, ideia berritzaileak dituztenak, baina beti ez da horrela. Haurrak jolas, eskulan eta jarduera gidatuak burutzera ohituagoak daude baina saio libre bat eskainitakoan galduak sentitzen dira. Sentsazio hori aldaraztea denon zeregina da.



AITZIBERREN AUTOBIOGRAFIA



Ikasle nintzeneko plastikako oroitzapenak honakoak dira: Irakasleak eskulanak edo marrazkiak proposatzen zizkigun eta beti eredu bati jarraiki egin behar genuen. Berak proposatutako jarduera horiek urteetan zehar egin zituen, hau da, ni baina zaharragoak ziren ikasleak egin zituzten eta ni baina gazteagoak diren ikasleak egin dituzte. Honekin zera esan nahi du, duela urte asko irakasle honek jarduera batzuk proposatuko zituen (garai haiekin bat zetorrena) eta ondo atera zitzaizkionez beraiekin jarraitu zuen urteetan zehar, kontuan izan gabe garaiak aldatzen doazela.

Gelan beti material berdinak erabiltzen genituen, margoak, tenperak, buztina, kartulina, haria, orratza, … azken finean eskura ditugun materialak dira, baina material hauekin eta egunero erabil ditzakegun beste material batzuk erabiliz hainbat gauza ezberdin egin ditzakegu betikora itxi gabe.

Azken batean plastikako gaian esku trebeziari ematen zion garrantzia irakasleak eta ikasgai honetan ikusten ari naizenarekin plastika ez da esku trebeziari bakarrik mugatzen den gaia.

Guk astean bi orduko saioak izaten genituen eta bertan bukatzen zen plastikari zegokion arloa. Baina plastikak beste ikasgaiekin lotura izan dezake, eta konpetentzietan oinarritutako ikasketa batzuetan oinarritzen bagara, plastikako arloak beste arloekin batera uztarturik egon behar du eta euren arteko lotura izan behar du.

Gainera, plastikako emaitzak ez du zertan produkzio materiala izan behar. Gure garaian beti helburua irakasleak esandako material hori sortzea zen eta beti irakasleak markatutako bidetik egin behar genuen, gure irudimenari leku askorik eman gabe.

Guzti hau aldatzeko garaia iritsi dela uste dut eta hain bideratua genuen ikasgai honek aldaketa jasateko garaia du.






No hay comentarios:

Publicar un comentario