Hiru legediak irakurri ondoren LGE, LOGSE eta LOE honako ondoriora iritsi gara: adinagatik LOGSE-ko legean hezitako ikasleak izan beharko genuke ( eta beste hainbat ikasgaiei dagokionez horrela garela uste dugu) baina, plastikaren arloan LGE legediaren arabera hezitakoak gara. Autobiografietan garbi utzi dugu kontzeptu tradizionaletan oinarritzen zirela gure plastikako irakasleak. Klase gidatuak izaten ziren eta adierazmen kreatibo eta libreari ez zitzaion behar adineko garrantzirik ematen. Aldiz, teknika ugari ikasi genituen eta material ezberdinen erabilera. Gure ustez, plastika ikasgaiak ere beste ikasgaiak bezala eguneroko errealitatearekin eta bertan ematen diren aldeketekin bat etorri behar du. Ikasleei jakinarazi behar zaie plastika ikasgaia baliogarria dela testuingurua ulertzeko. Guk gure garaian ez genuen ikusmen kultura landu eta atzetik datozen haurrek baliabide gehiago dituzte ikusmen kulturan heziak izateko. Adibidez, museoetara irteerak egiten dituztenean, ikusmenezko istoriak sortzeko, kultura eta gure identitateari buruz erreflexionatzeko... gai direla erakusten zaie. Guk jasotako legera bueltatuz eta gaur egungoarekin alderatuz, ikasgai honi lehen baino garrantzi gehiago ematen zaiola iruditzen zaigu eta pausu garrantzitsu bat eman du; hala nola, ikasleen iritzi kritikoa bultzatzeko, sormena indartzeko, artea errepresentatzeko, ikusmenezko kulturan parte hartzeko e.a.
Hamahiru ideien bidez artea nola irakatsi lantzen du artikulu honekin.
1-Artearen esanahia era askotara irakur daiteke eta ez hitzaren bidez bakarrik. Hezkuntza programekin, bizitzan zehar erabiliko ditugun esanahi ezberdinak irakurtzen irakatsi behar digute.
2-Arte hezkuntzak erlazio kualitatiboen inguruko judizioak egiten ditu eta edozein obrak izan behar dituen erlazioekiko, pertsona sentsibilizatzen dute.
3-Entzumena, ikusmena, zaporea edo ukimenaren bidez esperimentatu daitekeen edozein esperientziazko forma estetikoak sor dezake marko estetiko bat erabiliz, adi egoten bagara. Esperientzia estetikoa pertsonak munduarekin duen edozein topaketatik sor daiteke. Beraz, arte hezkuntzaren helburu garrantzitsua da hau ezagutzea eta estetikoki edozein itxura estetiko adierazteko gaitasuna izatea.
4-Pentsamendua, erabateko ikerketa kualitatiboa da, sentsibilitateak parte hartzen duena, irudimena estimulatzen duena,teknikak aplikatzen direnak eta apreziazioa aktibatzen dena. Prozesu konplexu eta delikatua da, non gaitasun sutilak eta matizatuak esperimentatzeko gaitasunaren menpe dagoena. Hauekin lan eginez, obra baten sorkuntzan judizioak egin ditzakegu.
5-Hezitzailea konpetentea izan dadin, konbentzimendu bakarrean zentratuz ez du juzgatuko, baizik eta programa garatuko den testuinguruan aztertu du.
6-Hezitzailearen zeregina, hezkuntza garatzeko egokiak diren inguruak diseinatzea da. Inguru hauek, sormenezko curriculum eta ariketak dituzte. Prozesu hauen helburuak, ikaslearen hezkuntza esperientzia zabaltzea da.
7-Artearen ekarpena hezkuntzara emaitzekin erlazionaturik dago, arteetako bereizgarriak direlako. Lehenengo emaitza, esanahiak era ezberdineko komunikazioak dira, bigarrena, pentsamendu formen garapena, sortzearen eta objektu eta ekintzen pertzepzioetatik eratorria.
8-Testuinguruak ikasteko aukera asko ematen ditu. Forma artistikoetan lan egiten duten pertsonek, elkarri laguntza ematen diete, batzuen lanak bestearena baldintzatzen duelarik batzuetan.
9-Arteetako lanak, ikasleak irudimena erabiltzera bultzatzen ditu ezaugarri pertsonalak dituen aukerak izateko: bakoitzak egiten dituen obretan zigilu pertsonala jartzeko aukera ematen du.Arteak ondo irakasten direnean ikasleak sormen prozesuan sortzen diren bideak jarraitzen ikasten dute.Beharrezko kontrola uzten ikasteak, obra batean aukera berriak bilatzeko bide ematen du.
10-Kognizioaren garapenean eragina duen baldintzetako bat , artista guztiek jasan behar dutena da: edozein material edo prozesuk ezartzen duten markoaren barruan pentsatzen ikastea.
11-Ebaluazioa prozesuan zehar eman daiteke eta eman behar da. Gainera erakusten duenak momentu asko ditu obra eta ikasleen garapena ebaluatzeko, obra batean lortutako puntuan bakarrik oinarritu gabe. Prozesuaren irudia lortzen da eta ez ikaslearen lanaren adibidea. Zer irakatsi eta ikasi den jakiteko era bat da.
12-Errepresentazioaren ekintza, aurkikuntza eta berrikuntza ekintza da eta ez pertsona baten borondatea material bati gailentzen dena.
13-Hazkuntza beti posible da baina bizitza bukatzen denean bakarrik bukatzen da.
Testu honetan aipatutakoa ez dator bat gaur egun ikastetxe askotan artea lantzeko erarekin. Orain arte, "artelan" bat egitera mugatzen ziren irakasleak eta hori nola egin azaltzen zuten. Autore honen ustez, arte hezkuntza hori baino gehiago da. Artea aztertu egin behar da eta haurrak horretan hezitu behar ditugu. Horretarako irakasleak ezingo ditu bere judizioak egin eta prozesu osoa ebaluatuko du. Artea lantzeko era aproposa iruditzen zaigu eta gure ikuspegia zabaltzeko balio izan digu.
Urruti gelditu dira plastika ikasgaiaren inguruan ditudan oroitzapenak, baina, iraganera salto txiki bat egingo dut eta plastikarekin izan dudan harremana deskribatzen ahaleginduko naiz.
Egia esan, plastika hitza entzuten edo irakurtzen dudanean sentsazio ona edo positiboa datorkit burura eta sentsazio hori gertuagotik sentitu dut txikitan egindako eskulan gutxi batzuk berreskuratu ditudanean. Nire aurpegiak irrifartxo bat marraztu du garai batean egindako lantxoak ikusi ditudanean eta gai honen inguruan pentsatzen jarri naiz.
Plastika betidanik izan dut gogoko eta askotan pentsatu izan dut zergatik eskaintzen zaion hain denbora gutxi ikasgai honi. Ez dut oso ondo gogoratzen astean zenbat ordu izaten ziren baina uste dut bi ordu bakarrik izaten zirela eta niretzat denbora gutxiegi zen.
Irrikitan egoten nintzen plastika gelara joateko eta han beste mundu batean sartzen nintzela gogoratzen dut. Lasai sentitzen nintzen, pozik, lan egiteko gogoarekin etab. Asko gustatzen zitzaidan material berria ezagutzea, gauzak sortzea eta nola ez, etxera eramandakoan gurasoei erakustea.
Haur Hezkuntzan egindako lantxoez ez naiz asko gogoratzen baina marrazketan denbora asko ematen genuela badakit: tenperarekin, plastikozko margoekin, argizariekin etab. Kola eta guraizeak ere asko erabiltzen genituen; adibidez, aldizkari eta egunkariekin collage ezberdinak eginez, txotxak paper gainean kolatuz etab. Plastilina ere askotan erabiltzen genuen eta nola ez, gometxak eta puntzoiak.
Lehen Hezkuntzan material gehiago erabiltzen hasi ginen eta eskulanak ere desberdinak ziren. Honako lantxo hauek egin genituela gogoratzen naiz: egurrezko lanpara, gatza tizakin margotu eta kristalezko ontzi batean irudi ezberdinak egin, egunkaria globo batean kolatuz buruhandia, alfonbra txiki bat, buztinakin hainbat figura etab. Etapa honetan, marrazketak ere garrantzi asko zuen eta marrazketarako teknika desberdinak ezagutu genituela ere gogoratzen dut.
D.B.H-n karpeta handi bat egin genuen gure lanak hor gordetzeko eta marrazketa teknikoa landu genuen. Horretaz gain, etapa honetako irakasleak buztinari garrantzi handia ematen zion eta gauza asko egiten genituen buztinarekin teknika ezberdinak erabiliz. Irakasle honek ez zigun esaten buztinarekin zer egin behar genuen eta guk erabakitzen genuen zer egin. Gainera, labe handi batean sartzen genituen buztinarekin egindako lanak eta oraindik etxean gordeta ditut garai hartan egindako gauzak.
Orokorrean lanak nahiko bideratuak izaten ziren eta denok gauza berdinak egiten genituen. Hala ere, plastikan ez genuen inoiz azterketa idatzirik egin eta hori abantaila handi bat izan dela pentsatzen dut. Izan ere, beste ikastetxera joaten ziren lagun batzuk azterketa izaten zuten eta plastika ikasgaia ez zitzaien asko gustatzen.
BAKARNEREN AUTOBIOGRAFIA
Urteak joan dira baina oraindik gogoan dut. OHOn genbiltzan eta astean eskulanetarako 2 saio izaten genituen. Soinketako saioen antzera, plastika ikasgaia iristeko amorratzen izaten ginen denok. Haserako ikasturteetan, gogoan dut josten nola ikasi genuen. Orratza eta haria izan ziren gure lantxoetan materialik erabilienak eta modu honetara, txotxongiloak, estutxeak, mukizapiak,etab. apaintzen ikasi genuen. Saio hauetan, irakaslearen rola zera izaten zen: saioa zuzentzea eta erabat gidatutako jarduerak proposatzea. Amaieran, eskulan guztiak antzekoak izaten ziren eta hala ez bazen, irakaslearen laguntza izaten genuen emaitza borobiltzeko. Inprobisazioak eta sormenak ez zuen lekurik saio horietan.
Amaierako ikasturteetan, beste irakasle bat izan genuen eta honekin batera, gure plastikako saioak ere aldatu egin ziren. Material desberdinak erabiltzeko aukera (kristala, buztina, oihalak, tenpera, etab.) eta eskulan libreak eta besteekiko desberdinak burutzea proposatzen zuen irakasle honek. Guretzat ikasgai hori momentu eroso bat bihur zedin saiatzen zen eta musika entzunaz aritzen ginen lanean. Plastikako gelara joaten ginen ( ez besteetan bezala gela bertan ) eta espazio aldaketa horrek ere motibatzen gintuen.
Nik plastika ikasgaietan ezagutu dudanaren arabera, irakaslearen papera zein garrantzitsua den azpimarratuko nuke. Irakaslearen lan egiteko moduak, edozein ikasgaietan du eragina baina pertsonalki, plastikan ezinbestekoa iruditzen zait. Plastikaren inguruan dituen ezagutzak, sormenari ateak irekitzen jakitea, taldea motibatzeko gai izatea,etab. Haur batzuk berez sormena dutenak izaten dira, ideia berritzaileak dituztenak, baina beti ez da horrela. Haurrak jolas, eskulan eta jarduera gidatuak burutzera ohituagoak daude baina saio libre bat eskainitakoan galduak sentitzen dira. Sentsazio hori aldaraztea denon zeregina da.
AITZIBERREN AUTOBIOGRAFIA
Ikasle nintzeneko plastikako oroitzapenak honakoak dira: Irakasleak eskulanak edo marrazkiak proposatzen zizkigun eta beti eredu bati jarraiki egin behar genuen. Berak proposatutako jarduera horiek urteetan zehar egin zituen, hau da, ni baina zaharragoak ziren ikasleak egin zituzten eta ni baina gazteagoak diren ikasleak egin dituzte. Honekin zera esan nahi du, duela urte asko irakasle honek jarduera batzuk proposatuko zituen (garai haiekin bat zetorrena) eta ondo atera zitzaizkionez beraiekin jarraitu zuen urteetan zehar, kontuan izan gabe garaiak aldatzen doazela.
Gelan beti material berdinak erabiltzen genituen, margoak, tenperak, buztina, kartulina, haria, orratza, … azken finean eskura ditugun materialak dira, baina material hauekin eta egunero erabil ditzakegun beste material batzuk erabiliz hainbat gauza ezberdin egin ditzakegu betikora itxi gabe.
Azken batean plastikako gaian esku trebeziari ematen zion garrantzia irakasleak eta ikasgai honetan ikusten ari naizenarekin plastika ez da esku trebeziari bakarrik mugatzen den gaia.
Guk astean bi orduko saioak izaten genituen eta bertan bukatzen zen plastikari zegokion arloa. Baina plastikak beste ikasgaiekin lotura izan dezake, eta konpetentzietan oinarritutako ikasketa batzuetan oinarritzen bagara, plastikako arloak beste arloekin batera uztarturik egon behar du eta euren arteko lotura izan behar du.
Gainera, plastikako emaitzak ez du zertan produkzio materiala izan behar. Gure garaian beti helburua irakasleak esandako material hori sortzea zen eta beti irakasleak markatutako bidetik egin behar genuen, gure irudimenari leku askorik eman gabe.
Guzti hau aldatzeko garaia iritsi dela uste dut eta hain bideratua genuen ikasgai honek aldaketa jasateko garaia du.
Irakastea ez da batere erraza etengabe aldatzen ari den gizarte honetan eta hori argi ikusi daiteke artikulu honetan jasotzen diren zenbait irakasleen esperientzietan. Izan ere, irakasle bakoitzak bere esperientzi profesionala du eta esperientzia horietatik abiatuz, gizartean ematen diren aldaketak aztertu daitezke. Beraz, kontakizun biografikoak, ikertzeko beste bide bat izan daitezkeela adierazten da artikulu honetan.
Norberaren esperientziak datu asko eskaintzen dizkigu eta ikasteko beste bide bat izan daiteke. Gainera, adierazten diren datu guztiekin aldaketa bat eragin daiteke; hau da, artikulu honetan espezialitate ezberdineko hamabi irakaslek jasotako prestakuntzari buruz hitz egiten da eta esperientzi horiek aztertuz, aldaketa bat eragin dezakegu gustatzen zaigunarekin gauzak hobetuz eta gustatzen ez zaiguna aldatuz.
Iritzi eta esperientzi ezberdinak kontrastatzea eta elkartrukatzea oso aberasgarria dela pentsatzen dugu, modu honetan izugarri ikasi daitekeelako. Gainera, zerbait transmititzeko norberak bizi eta sentitu behar du eta kontakizun autobiografikoak honako hau lortzeko baliabide aproposa izango litzateke.
Irakasleak izango garen aldetik, ez al da interesgarria haurrei transmisio baliabideak garatzen laguntzea? Kontakizun biografikoen bitartez nola pentsatzen duen haur bakoitzak ikustea? Eta esperientzia horietatik abiatuz hausnarketara bultzatzea? Gizabanakoaren esperientzietatik asko ikasi daiteke!
Irakaslegoaren formakuntza bultzatzeko beharra. Horretarako, modu desberdinak daude.
Gaur egungo eskolak nahiko prestatuak al daude XXI.mendeko gizarterako?
Arduradunak: Hezkuntza politikak, formatzaileak eta irakaslegoa, hezkuntza komunitatea. Hauek errealitate konplexu bat dute aurrez aurre.
Hezkuntza fakultateen ardura: Irakaslegoen formakuntza egokia (Adib. Finlandiako eredua).
FINLANDIAKO EREDUA
Haserako formakuntza
§Eskoletara joanaz
§Teoria
§Praktikak (oso garrantzitsua)
§Tesina
Hezkuntza jarraia=Irakaslego aktiboa
§Egungo gazteen egoera ezagutzeko hitzaldiak
§Gainontzeko hezkuntza eragileekin eta bereziki beste irakasleekin ideia trukaketa, berrikuntzak ezagutu, erreflexionatu,etb.
§Irakasleak ikertzailea izan behar du.
KRITIKA:
Artikulu hau irakurri ondoren, ados gaude bertan adierazten denarekin. Unibertsitatean irakasten dena benetako errealitatekin urrun gelditzen dela iruditzen zaigu. Gauza bat da egunero unibertsitatean ikasle batek jasotzen duena eta oso desberdina da, lanean hasten denean bizitzen duena.
Gaur egun, orokorrean, klase magistralek indar gehien hartzen dutela iruditzen zaigu. Teoriari garrantzi handia ematen zaio eta honekin praktikaldiari eman behar zaion garrantzia ez zaiola ematen pentsatzen dugu. Honi lotuta, honako hau datorkigu burura: magisteritzako fakultatean sarrerako nota altua da eta ondorioz, ikasle batek izan ditzakeen beste gaitasunak ez dira kontuan hartzen, hala nola, etorkizunean haurrekin lan egiteko beharrezkoak izango dituen bestelako gaitasunak ( gizarte trebetasunak, motibazioa, talde-lanean aritzeko gaitasuna, teoria eta praktika lotzeko gaitasuna...). Kasu honetan, amaierako notari ematen zaio garrantzia eta honek lehiakortasuna eragin dezake. Ikasle asko gelditzen dira matrikulatu gabe eta agian, sistema honekin etorkizunean irakasle onak izan zitezkeen ikasleak kanpoan uzten ari garenaren zalantza dugu.