2011-06-13

ARTE ARTIKULUAK

“Didáctica del arte y patrimonio” proiektuaren helburu nagusia haurrak artera gerturatzea da. Esan daiteke, honako ideia nagusi hauek azpimarratzen dituztela: behatu, hausnartu, entzun, elkarrizketa sustatu eta norberaren ezagutzak eraiki. Gainera, irakaslearen papera ez da konbentzionala. Irakasleak galdera irekiak egiten ditu eztabaida ireki bat sustatuz eta bertan ateratzen diren ideiak ez ditu epaitzen, hau da, ez dago erantzun zuzen edo okerrik.
Programa hau interesgarria eta orain arte ezagutzen dugunetik desberdina dela iruditzen zaigu. Artea haurrei gerturatzeko oso modu polita da, ez zaie bakarrik artea eta honen historia erakusten baizik eta, bizitzan erabilgarri diren hainbat jarrera eta balore bultzatzen dira; hala nola, albokoaren iritzia errespetatu behar dela tolerantzia sustatuz.
Lehen Hezkuntzako ikasleentzako egindako programa da eta adin horretako haurrek ziurrenik joku asko emango dute eta programa honekin gauza asko ikasiko dituzte, baina, ez dugu ahaztu behar Haur Hezkuntzako irakasleak izango garela eta guk gure haur txikiekin arte hezkuntza nola landu dezakegun jakin nahiko genuke.
“Didáctica del arte y patrimonio” haurren arteko elkarrizketan oinarrituta dagoela esan dugu eta horretarako, ahozko komunikaziorako gaitasuna izatea ezinbestekoa da. Adibidez, guk bi urteko haurrekin lan egiten dugula esan dugu behin baino gehiagotan eta haur hauei, egindako galdera irekiei erantzutea gehiengoei kosta egiten zaie. Gehienetan bai edo ez erantzuten dute eta norbaitek galdera zabalago bati erantzuten badio, beste haurrek errepikatu egiten dute haur horrek esandakoa.
Irakasleok formakuntza bereziago bat jaso beharko genuke modu honetako programa bat garatu nahiko bagenu eta horrek gaur egun dugun hezkuntza proiektua erabat aldatzea ekarriko luke. Hezkuntza saila artearen alde egiteko prest al legoke? Diru laguntzak emango lituzke?

PROPOSAMEN DIDAKTIKO EZBERDINAK


Guk moodlen zintzilikatuta dauden webgune ezberdinak bisitatu ditugu. Egia esan, erabat ezezagunak ziren guretzat eta ondorioz, zerbait berria ikasi dugu. Gaur egun, teknologia berriei esker, eskura ditugu mota honetako baliabideak eta ez dugu horiek erabiltzeko ohiturarik. Ohikoena, orain arte egindakoarekin jarraitzea da eta webgune hauetan artearekin erlazionatutako informazio ugari eskaintzen da, adibidez, www.pincelyraton.com webgunean agertzen diren hainbat proposamen didaktikoek izugarri harritu gaituzte. Oso artelan politak ikusi ahal izan ditugu eta jarduera berritzaileak. Izan ere, teknologia berriak erabiltzen dituzte eta emaitza ikusgarria da benetan! Orain arte, teknologia berrien erabilpena ohikoa zen beste arlo batzuetan baina zalantza genuen plastika arloan nola aplikatu ote zitekeen, baina, posible dela ohartu gara.
Webgune honetan, tailer eta ikastaro desberdinak antolatzen dituztela ikusi dugu baina bertan, egiten den lana eskoletan egin daiteke eta irakasleok webgune hauek ezagutzea oso baliagarria eta interesgarria izango litzateke.

CURRICULUMA EZAGUTU


Hezkuntzako orrialdean Oinarrizko Hezkuntzaren Curriculuma gainbegiratu dugu. Bertan plastika ikasgaiari erreferentzia egiten zaio gainontzeko ikasgaiei bezala.

Haur Hezkuntzako hezkuntza-edukiak honako esperientzia eremu hauen arabera antolatuko dira:

a) Norberaren ezagutza eta autonomia pertsonala.
b) Ingurunearen ezagutza.
c) Hizkuntzak: komunikazioa eta adierazpena.

Eremu bakoitzean proposatzen diren edukiak haurrentzat interesa eta esanahia duten jarduera globalizatuen bidez landuko dira.
Hori dela eta, hezkuntza eremuan lan egiten dugunok curriculumean adierazten dena errespetatu behar dugu. Guk hezkuntza arloan lan egiten dugunez, txosten hau jadanik ezaguna genuen eta gure eguneroko lanak bertako helburuetan oinarritu behar du.

ARTELEKURA BISITA


1 - Orain arte Haur Hezkuntzan marrazketa, plastilina, buztina bezalako jarduerekin lotu izan dugu plastikaren gaia, eta gainera psikomotrizitate fina lantzeko jardueretan pentsatzen dugu, baina garatzen al dugu haurraren sormena?
Ez al gara askotan jarduera zuzenduetan gehiegi oinarritzen? Artelekura egin dugun bisita honetan, haurrekin beste gai batzuk ere landu ditzakegula ikusi dugu. Bertan topatutako liburu gehienak helduei zuzenduak izan arren, hauek oinarritzat hartuta irakasle bakoitzak bere haur taldearekin jarduera desberdinak antolatzeko baliagarriak izan daitezke.

2 - Lehendik ezaguna genuen Joan Miró aukeratu dugu. Bere artelanen liburuak berrikusi ondoren, liburu hauek desberdinak direla ohartu gara oker ez bagaude, ohiko liburutegi batean artista desberdinen biografia topatuko genuke eta agian artelan baten irudia. Hemen aldiz, artista honen lanek hartzen dute garrantzia eta irudietan agertzen dira bere obrak. Guk uste genuen obra bakoitzaren ondoan azalpena egongo zela baina ez da horrela. Berak sortutako obren izenburu eta erreferentzia agertzen dira liburu honetan.


3 – Joan Miróren, L´ALENTIDA (1969) obraren irudia haurrei erakutsi eta elkarrizketa bultzatuko dugu. Hau bakoitzak era desberdinean ikusiko du eta besteen iritzia eta ikuspuntua errespetatzen ikasi beharko du.
Haur guztiek beren iritzia emango dute eta Miróren irudia aurrean dutela irakasleak eskainitako materiala erabiliz, dituzten ideiak paperean islatzen saiatuko dira. Jarduera honen bidez, besteen iritzia errespetatzea, landutako autorea ezagutzea, artearekiko interesa, piztea, … landuko dugu.

- Bisitaren iritzia: Arteari eskainitako horrelako espaziorik ez genuen ezagutzen. Ez genuen imajinatzen hain gertu horrelako leku bat izan genezakeenik. Kultura eta artearekin lotutako hainbat ekitaldiren berri izan dezakegu sarrerako informazio gunean, eta horrez gain ezohiko liburutegi batekin topatu gara. Bertan artearen esanahia zein zabala den konturatu gara.

























KUBO KUTXA SALARA BISITA GURE KABUZ

Larunbat goizetan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikasleentzako tailerrak antolatzen dituzte bertan. Haur Hezkuntzako tailerrean parte hartzeko aukera izan genuen eta bertan elkartu ziren sei haur eta beraien gurasoekin batera egin genuen bisita.
Sarrera gisa, itsasontziak eta itsasoarekin erlazionatutako irudiak ikusiko genituela adierazi zigun bertako gidariak. Itsasoaren urdinetik hasi ginen eta honen sakontasunean barneratu ginen.
Bidaian zehar, gidariak haurrei galderak egiten zizkien artelan bat edo biren aurrean eserita. Hasteko, bi kuadro desberdinen aurrean eseri ginen eta honako galderak egin zitzaizkien:
-Irudiak gustatzen zaizkizue? Zein gustatu zaizue gehiago mutila edo neska? Antzekotasuna dute?zergatik gustatu zaizue gehiago andrea? Bi irudi hauek ze harreman izan dezakete itsasoarekin? Uste duzue arrantzaleak direla? Itsasontziz bidaiatzen duten pertsonak izan daitezke?
Haurren erantzunak baiezkoak izaten ziren eta bestela, haur batek esandakoa hurrengoak errepikatzen zuen. Gauza bera gertatu zen hurrengo koadroarekin. Beste leku batera mugitu ginen eta bertako koadroan, itsasaldeko paisai bat agertzen zen. Gidariaren helburua, hasierako bi pertsonaien historia pasai honetan kokatzea zen eta horregatik aukeratu zuen koadro hau. Jarraian honako galdera hauek egin zizkien:
-Zer gustatzen zaizue irudi honetatik? Haurrek animaliak, hondartza eta zuhaitzak aipatu zituzten. Zergatik egiten zaizue ezaguna? Gidariak, gure paisaiaren antzekoa zela adierazi zuen mendi berdeak, itsasoa, irla, hondartza txiki bat…agertzen zirelako. Haurren erantzunek, beraien egunerokotasunarekin erlazioa zuten.
Azkenik, salako beste gune batera eraman gintuen gidariak, hain zuzen, tailerrera. Bertan, bildumaren ideia haurrei azaltzen saiatu zen eta horretarako, mahai gainean material ezberdinak jarri zituen: paperak, kolak, guraizeak, margoak, kartoizko kaxak…Haur bakoitzak kartoizko kaxa bat hartu behar zuen eta barruan zegoena ikusi.
Kaxa horietan, koilareak, kontxak, txanponak, kandela, plastiko zatiak…topatu zitzaketen umeek. Gidaria, objektu hauekin, aurretik ikusitako koadroekin lotura bat egiten saiatu zen. Azkenik, haurren arteko elkartrukea egiten ahalegindu zen eta horrela, haur bakoitzak bere plastikozko zorroan, bilduma propioa egin zuen berak egindako marrazki batzuekin osatuz.

Irteera honi buruzko iritzia:

Jakin bagenekien haur txikiei museoetan ikusi daitekeena gerturatzea ez dela erraza eta oraingoan hori horrela dela ziurtatu dugu. Ez zitzaigun batere erraza iruditu gidariaren lana eta esan beharra dago, gure ustez oso ondo burutzen zuela bere lana eta are gehiago talde hauetan gurasoek ere parte hartzen dutela jakinda.
Haur oso txikiak ziren eta hori ikusi ahal izan genuen, koadroen arteko lotura egiterako garaian: haurrek aurreko koadroa ahaztua zuten eta gidariaren galderei bai edo ez bakarrik erantzuten zuten. Taldean bazegoen Lehen Hezkuntzako haurrak eta horrek gidariari jokoa eman zion erakusketarekin aurrera jarraitu ahal izateko.
Egia da, horrelako jarduerek lagundu egiten dutela haurrak artearekin kontaktua izaten eta mundu artistikora hurbiltzen ditu. Ideia aldetik oso polita eta positiboa da eta guk gure garaian horrelakorik bizi izan ez genuenez, horrelako proposamenek harritu egiten gaituzte. Hala ere, gure zalantzak ditugu. Ez ote da abstraktuegia bildumaren kontzeptua? Zein kontzeptu dira egokienak haur txikiekin lantzeko?nola jakin dezakegu? .

MATERIAL DIDAKTIKOAREN AZTERKETA

Andoaingo Aita Larramendi ikastolako irakasleen lana URTXINTXA proiektuan oinarritzen da. Beraiekin hitz egin ondoren eta beraien gidaliburuak eta fitxak aztertu eta gero honako ariketa hau aukeratu dugu material didaktikoaren azterketa egiteko.
Urtxintxa proiektuan, plastika lantzeko jarduera desberdinak proposatzen dira. Batzuetan artelan bat erakutsi eta hauen inguruko elkarrizketa sustatzen du. Besteetan, aldiz, ideia baten inguruan artelan bat egitea proposatzen da. Horma-irudiak eta koadroekin ariketa desberdinak burutzen dira…
Guk aukeratu dugun jarduera, hiru urteko haurren materialeko, Zuloagaren Don Guindoren udareak artelana da. Bertan, haurrei zein modutara erakusten zaien irakur dezakegu. Unitate didaktiko honeko gaia, “eguneroko janariak” da. Artelan honetan, bodegoi bat agertzen da non udarez beteriko plater bat dagoen. Beraz, artelan honek gaiarekin lotura duela esan daiteke. Gidaliburuak, ikasleei hainbat galdera egiteko proposamena egiten die: zein fruta marraztu du Zuloagak hemen? Ba al dakizue nola izena duen artelanak? Platerean zenbat udare daude?...Ondoren, ikasleek emandako bodegoi eredua margotu behar dute edo puntzoiez zulatu.
Erantzun bakarreko galderak egiten dituenez, jarduera erabat gidatua dela iruditzen zaigu. Haurren sormena ez da lantzen eta ez du jarrera kritikorik bultzatzen. Bakarrik begi bistan ikusten dituen gauzak kontatzera animatzen ditu.
Jarduera gehienetan, irakaslearen gidaliburuan agertzen diren gomendioak kontuan hartzen ditu irakasleak eta bertan jartzen duenari jarraikiz egunerokotasunean lan egiten du. Jarduerak erabat gidatuak dira eta sormena eta esperimentazioari ez zaio tokirik uzten.
Orain artekoa gure iritzia da baina guk bi urteko haurrekin lan egiten dugunez eta adin honetakoekin ez denez urtxintxa erabiltzen, hiru urteko irakasleei iritzia eskatu diegu.
Beraiekin elkarrizketa bat izan ondoren, laburbilduz hau esan genezake: guk orain arte aipatutakoaren bat datozela. Artea lantzeko modu gehiago daude eta gure ustez ikuspegia zabaldu egin beharko genuke eta ez soilik artelanak aztertu (galderen bitartez) eta marrazkiak egitera mugatu.

Zer da ikus-kultura?

Ikus kultura, bisuala den eta guregan eragina duen guztia dela esan dezakegu. Izan ere, gaur egun, irudi asko ikusten ditugu eta zer esanik ez haur txikiek. Egunerokotasunean zuzenean nahiz zeharka, telebistan, interneten, aldizkarietan, komikietan, kaleko iragarkietan, karteletan..irudi asko transmititzen dizkigute baina gure galdera da: konturatzen al gara zer ikusten dugun? Jasotzen ditugun irudi hauek eragina dute guregan eta horregatik, jarrera kritiko bat garatzea ezinbestekoa da. Ikusle pasiboak izan beharrean, ikus kultura landu beharko genuke elkarrizketa eta eztabaida sustatuz. Haurrekin egongo garenez, kontuan izan behar dugu haurrei marrazki bizidunak izugarri gustatzen zaizkiela eta irudi horien atzean balore, familia-eredu, klase sozial ezberdinak, kultura…gordetzen direla eta haur txikienen kasuan honako hau pentsatzen dugu: beraiek ez dira gai ikusten dutenaren aurrean aukeraketa bat egiteko; beraiei marrazki bizidunetan erabiltzen diren kolore, musika, pertsonaiak eta abar erakartzen die eta ez dira jabetzen ze mezu jasotzen ari diren. Beraz, helduok beraiekin hitz eginez eta elkarrizketa bat izanez jarrera kritiko hori beraiengan sustatzen ahalegindu beharko genuke. Haurrei pentsatzen erakutsi behar zaie eta beraiek lehenagotik daukaten informazioarekin kontrastatu beharko dute.